XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta orduantxe gogoratu zen Amaiak eman zion edari bitxi harekin; benetan Capitan Trueno bezain azkarra bihurtuta bazegoen, hura zen egiaztatzeko aukera aproposa.

- Utziko didazue aproba egiten?- galdetu zuen herabeti.

- Bai zera, den-denok burutik behera zipriztinatzeko, ezta?- erantzun zioten.

- Beno, beno - esan zuen baten batek - utziozue behin batean behintzat, egun guztian ez dut barrerik egin eta.

Orduan lekua egin zioten espaloian, baina badaezpada metro pare batera urrundu ziren.

Patxik birikak puztu zituen, eta txistu lodi-lodia aho barruan bildu ondoren, ahalik indartsuen jaurtiki zuen.

Ttualdia borobil eta txuria irten zitzaion, eta kalearen bestaldean zen denda bateko eskaparatean jo zuen indarrez.

Bertan geratu zen, kristalean beherantz laban eginez, eta bertara aho zabalik begira ere mutil guztiak.

- Arraioa!- esan zuen batek. - Arranopola!- beste batek. - Egundo horrelakorik!- hirugarren batek.

Ezin zuten sinetsi. Ez, hura ez zen Patxi Trumoi aspaldikoa, ezta gutxiago ere: hura beste norbait zen.